8. kronika. Abuztuak 1 ostirala, SESTAO-BILBO-BASAURI
Sestaoko Txirbilenea Gaztetxetik abiatuta txirrindula martxa desobeditzaileak Bilbo aldera jo du. Hainbat kaletatik pasa ondoren pankarta batzuk eskegi dira martxan zehar ikusitako eraso ekolojikoak salatuz. Nabarmendu behar da Euskalduna zubitik zintzilikatu duten AHTren aurkako pankarta erraldoia, Bilboko garbitasun zerbitzuek berehala kendu dutena.
Eguerdian Bilboko Abando tren geltokiaren aurrean martxak ekintza bat burutu du. Tropela Plaza Zirkularrera iristerakoan biluztu eta eseri egin da zirkulazioa moztuz.
Txirrindulariek "AHTk biluzten gaitu" lelodun pankarta bat erakutsi dute.Gorputz biluziek irla bizidunak ziruditen asfaltoaren basamortuan. Larruaren distirak hiriaren grisa argitu du tarte batez kaleari izaera publikoa bueltatuz. Kotxeek bahitu ohi duten eremuaz pertsonak jabetu dira AHTren trapu zikinak aireratuz. Biluztutakoek AHT biluztu dute.
Ekintza honen bitartez adierazi nahi izan dute AHTren eraikuntzan diru kopuru izugarriak xahutzen diren bitartean jendearen prekarietatea eta murrizketak haundiagotzen ari direla. Honen errudun nagusietako bat Adif (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) da eta horregatik bere bulegoaren aurrean gauzatu da gaurko ekintza.
Ertzaintza berehala agertu da eta bi lagun eraman ditu komisaldegira identifikatzera. Trafikoa hamar minutuz etenda egon da eta kotxe ilara handiak sortu dira.
Atxilotutako bi lagunek Deustuko komisaldegian bi orduz pasa ondoren aske gelditu dira. Euren aurkako salaketa akta ireki zaie identifikatzeari uko egiteagatik desobedientzia leporatuz eta komunikatu gabeko ekintza bat egitea egotziz.
Bilbiko plazan bazkaldu ondoren AHTren aurkako tropela Basauri aldera abiatu da. Zaratamoko zubibidean txirrindulari batzuk igo dira eta "TAV VIA MUERTA" lelodun pankarta erraldoia eskegi dute. Gogoratu zubibide honetatik inoiz ez dela AHT pasako alperrik eraiki delako hamaika milioi euro xahutu ondoren.
Basauriko Txarraska Gaztetxera heldutakoan AHTren aurkako elkarretaratzea burutu da eta segituan Txirrindula Martxa honen balorazioa egin dute. Gaztetxean afaldu ondoren kontzertu batez eguna amaitu da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario