Klima
aldaketa bezalako problematika potoloari bakarka ere aurre egin
diezaiokegula argi geratu zen pasaden igandean Lapurdiko hiriburuan. Arratsaldeko 14:00etarako 10.000 pertsona hurbildu
ziren alternatiba ezberdinen ezagutzera. Arazoaren tamainaz jabetu eta
jokamolde hainbat aldatuz, urratsez urrats, tantaz tanta eta alez ale
giza-samalda bilakatzeko eskura ditugun bideak eta aukerak azaltzeko
parada ezin hobea eskaini zuen Bizi!-k antolatutako Alternatiba
herrixkak. Baiona Ttipiko karriketan igandetan ohikoa den
lasaitasuna aztoratu samar suertatu zen atzokoan, baina ez zentzu
ezkorrean, ez horixe. Mahai-inguru eta hitzaldi andanetara atzera eta
aurrera zebilen jendetzaz gain, patxadan eta eguraldi ona lagun, milaka
pertsona ere bertaratu ziren hainbat gunetan banatutako denda, mahai,
stand eta ikuskizunez profitatzera eta jakin-mina asetzera. AHTren aurkako tartalariak Baionan egon ziren: mahai informatiboa jarri zen, 2000 esku-orri inguru banatu zuten eta tarten jaurtiketa egin zen.
Stephane
Hesseli egin zioten omenaldiaren baitan "Alternatiben herriak nonahi sortzeko deialdia" adierazpena irakurri zuten Stephane Hesselen alarguna den Christiane Hessel-Chabryk eta Juan Lopes de Uraldek.
Arantxa MANTEROLA
Nola egin gure sosak helburu maltzurrekin baliatuak izan ez daitezen?
Finantza arduratsuen gunean, gero eta gehiago ugaritzen ari diren
egituretan zehaztasun guztiak ematen zituzten Fiare banka etikoak, Blue
Bees garapen bidean diren herrialdeetako enpresari txikien
elkartasunezko finantziazioa bultzatzen duen elkarteak, Koop57 ildo
beretik baina estatu espainolari begira duela hamabost urte sortu zenak
edota aspaldi Ipar Euskal Herrian bertako ekonomia sustatzeko
proiektuak finantzatzen dituen Hemen elkarteak.
Aurreraxeago, erabilitako gauza eta tresnei bigarren edo hirugarren
bizialdia emateko aukera pentsaezinak ikus zitezkeen Elkartasun eta
Partaidetza gunean.
Esparru askotan
Ohiko bilakatzen ari diren truke jarduerak edo artisauen abileziaren
emaitza ederrak ahoa bete hortz uzteko modukoak ziren. Merkataritza
solidarioaren, publizitate erasotzaileari aurre egiteko maneren eta
animalien esplotazioaren kontrako Vegan kolektiboaren arrazoien nondik
norakoen informazioa gogoz ematen zuten kalean paratutako mahaietan. Jokamolde alternatiboak esparru askotarikoetan lekua dutela frogatuz,
komunikabide eta prentsa independenteen proiektu edo ekimenetan lanean
diharduten hedabide hainbat (Reporterre, Basta, Politis...) ere presente
ziren Baionan. Antolaketaz kanpo baina halako ekimenak eskaini aukera
baliatuz, informazioa zuzenean ematen aritu ziren ere Herrira elkarteko
kideak edota 247 egun greban daramaten eta Bizkaitik jindako Feu Vert
enpresako langileak.
Naturaren errespetuan jarduteko, energia eta ura aurrezteko edota
berrerabilpena eta birziklatzea emendatzeko gure etxeetan erraz egin
ditzakegun hamaika aholku eta erremedioez etengabe azalpenak eman
zituzten eko-etxea deiturikoan. Nola ez, laborantza, baratzegintza, lorezaintza, sendagintzako belarrak
edo era alternatiboak ere tokia izan zuten hiriko erakusleiho
erraldoian. Bisitariak informazio taulak arretaz begiratuz edo
eskainitako orrixkak eta aldizkariak irrakurriz patxadaz zebiltzan
bitartean, trikitrixen, txistuen, kantari eta musikarien doinuek kaleak
girotzen zituzten.
Gozamen naturala
Alta, seguru asko, gozamen handienetakoa haurrek izan zuten ingurumen
heziketa txokoan. Beraientzat espresuki paratutako dendetan atsegin
handiz ikusten ziren ipuinak entzuten, jokoen bidez uraren garrantziaz
jabetzen, zientziaren eremu liluragarria deskubritzen edo tailerretan
buztinezko adreiluak egiten. Egungo teknologia berriez ez ezik, naturari kalte egiten ez dieten
jolas dibertigarriak ere badaudela deskubritu zuten askok, beren alboan
zituzten aitatxi-amatxien gozamenerako. Hein batean, haiek eta haien
aitzinekoek ezagututako bizimoduaren filosofiaren onurez, atzo bertan ez
bada ere, gogoetarako garra pizteko baliagarria izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario