Gasteizko udaltzain batek 1.280 €ko isuna jaso du 2015eko AHTren aurkako bizikleta martxan parte hartu zuen neska bat jipoitzeagatik. Aldi berean, Gasteizko udalak-erantzule subsidiario gisa- jipoitutako neskari 3.037 € ko kalteordaina ordaindu beharko dio. Fiskalak udaltzain erasotzailearentzat 2 urteko gaitasungabetzea eskatu zuen baina epaileak ez du aintzat hartu. Udaltzain honen aurkako epaiketa aurtengo Maiatzaren 24 eta 25ean burutu zen.
Gogoratu behar da, 2015eko uztailaren bukaeran, Mugitu! Mugimenduak deituta, Castejon eta Gasteizen artean AHTren aurkako 3. Bizikleta martxa desobeditzailea egin zela. Azken etapa Gopegi- Gasteiz izan zen. Arabako hiriburuan, Udaltzaingoak, Ertzantzaren babespean, tropelaren aurka bortizki oldartu zen, kolpatu dexente izan zelarik. Hauetako batek eskuin eskuko metatarsianoaren haustura eta anketan kolpeak jasan zituen, udaltzain batek borra luzagarriaz jota. Hauetaz gain hiru partehartzaile identifikatu eta isunduak izan ziren, estreinatu berri zen Moxala legea ezarrita.